Azkenengo urteetan Euskara Arrigorriagako Merkataritzara izeneko programak izandako arrakasta ikusita eta programari jarraipena eman behar zaionez, aurten beste fase bati ekingo diogu.
Euskara Arrigorriagako Merkataritzara programaren helburua merkataritzan euskararen erabilera handitzea, sustatzea eta bultzatzea da.
2011n Euskara Arrigorriagako Merkataritzara kanpainari 31 saltoki gehitu zitzaizkion. Aurtengo helburuen artean honako hauek daude: batetik, saltokien kopurua handitzea eta bestetik, programa arropa-dendetara zabaltzea. Horretarako, Udalak eskaintzen dituen zerbitzuak azaltzeko diptikoa banatuko da, herriko merkatari guztien artean, nahi duenari kanpainan sartzeko aukera eskainiz. Horrez gain, herriko arropa-dendetara aurrez aurreko bisitak egingo dira, euskara bultzatzeko kanpainan parte har dezaten.
Bestalde, Euskara Arrigorriagako Merkataritzara kanpainaren hitzarmenkidei aurrez aurreko bisitak egingo dizkiegu, aurten ere, Udalak eskaintzen dituen zerbitzuak gogorarazi eta itzulpenak edo errotuluak egin eta emateko. Urteko lehenengo bisitaldia martxoa eta apirila bitartean izango da eta, bigarrena, urria aldera.
Lehenengo bisitaldian, Udaleko Euskara Zerbitzuak arrandegi, harategi eta fruta-dendetako produktuen euskarazko izenekin osatutako kartelak banatuko ditu aipatutako saltokietan.
Azkenik, uda hasi aurretik Euskara Arrigorriagako Merkataritzara hitzarmeneko merkatariekin batera Euskara bultzatzeko kanpaina bat jarriko da martxan.